Martxoaren 14an Unibasqek “Volar” pelikularen protagonistetako biren bisita jaso zuen. “Volar” Bertha Gaztelumendik zuzendutako pelikula da eta bertan indarkeria jasan duten bederatzi emakumeren testigantzak jasotzen dira. Adin eta zeregin desberdinak dituzte, baina elkar ezagutzeko gai dira hitzen beharrik izan Gabe.
Emakundek pelikula honen sorkuntza sustatu du emakume hauen testigantzak aldaketarako pizgarri izan daitezen, eta emakumeen kontrako indarkeriaren atzean zer dagoen azaltzeko ahalegina egiteko: nola eragiten die indarkeriak emakume hauen bizitzei eta euren ingurukoei, eta zein ondorio dakartzan. Pelikulako protagonistek gertatu zaiena kontatu nahi dute, gizarteak ulertu dezan zer den bizi izan dutena.
Pelikula su batekin bukatzen da, bertan txarra den guztia erretzeko, bizi berri bat hasteko…beraien biktima estatua alde batera uzteko eta, era batera edo bestera, kendu nahi izan zieten bizitza berreskuratzeko.
Pelikula ikusi ondoren, Unibasqeko langile guztiek pelikularen protagonistetako birekin hitz egiteko aukera izan zuten, sortu ziren galderak erantzunez.