UNIBASQen Kalitate-zigiluak

Euskal Unibertsitate Sistemako unibertsitateek  berariaz eskatu ostean Agentziak emandako borondatezko onespenak dira Unibasq-en Kalitate Zigiluak.

UNIBASQek emandako Kalitate-zigiluen edo aitortzen helburua da Euskal Unibertsitate Sistemako unibertsitateei haien titulazioetako garrantzizko hainbat alderdi hobetzeko bidean laguntzea. Hortaz, aitortza horien helburu nagusia da Euskal Unibertsitate Sistemako unibertsitateek beren titulazioak hobetzeko bidean egindako ahalegina sustatzea eta piztea, eta bigarren helburua ahalegin hori gizartearen begietara nabarmenago egitea da.

UNIBASQen Kalitate-zigiluak Euskal Unibertsitate Sistemako unibertsitate-titulazioetako alderdi jakin batzuetan zentratzen dira zehazki; hain zuzen ere, EAEko unibertsitate-politikaren arreta- eta hobekuntza-gunea osatzen duten alderdietan. Ildo horretan,besteak beste Graduko eta Masterreko unibertsitate-ikaskuntzen kategorizazioari buruzko Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntzako sailburuaren 2018ko uztailaren 27ko Aginduarekin lotuta dago UNIBASQen Kalitate-zigiluen programa.

UNIBASQen Kalitate-zigiluen ezaugarriak 

Aitortza hori eskuratu nahi duten Euskal Unibertsitate Sistemako unibertsitateek eskatuta Agentziak berak horretarako ezartzen duen prozeduren arabera emandako borondatezko onespen edo aitortzak dira UNIBASQen Kalitate-zigiluak, UNIBASQek koordinatutako dagokion kanpo-ebaluazioaren prozesua gainditutakoan lortuko dira Zigiluak, UNIBASQen beraren jardun-protokoloen arabera edota aplikagarriak liratekeen beste protokolo batzuen arabera. Zigilu horiek erregistro-zenbaki bat edukiko dute, eta dagokien ziurtagiriarekin batera emango dira. Agentziak ezarritako funtzionamendu-arauen arabera erabiliko dituzte unibertsitate-zentroek.

UNIBASQek dagozkion protokolo eta ebaluaziorako gidetan xedatutakoaren arabera erabili litezke Kalitate-zigiluak. Zigilua berritzen ez bada edo, ondo oinarritutako arrazoiengatik, kendua izan bada, ezin izango da ezein unetan ere zigilu hori erabili. Titulua eskaintzen duen unibertsitate-zentroaren eta Unibertsitatearen erantzukizuna izango da titulu hori berehala kentzea erabilgarri dagoen euskarri guztietatik.

UNIBASQen ebaluazio-prozesu baten ondorioz zigilu bat lortu izanak ez ditu ezein kasutan salbuesten indarreko legeriaren arabera ebaluatutako titulazio edo erakundeei dagozkien berme eta erantzukizunak, lortutako zigilu edo kalitate-onespena edozein izanda ere. Era berean, UNIBASQ ez da erakunde horien legeriaren ez-betetzeen arduradun izango. Kalitate-zigilua indarrean gordetzea ahalbidetzen duten baldintzen mantentzea ebaluatzeko jarraipen-mekanismoak ezarriko ditu UNIBASQek, nahiz eta unibertsitate-zentro eta unibertsitate eskatzailearen erantzukizuna izan baldintza horiek beteko direla ziurtatzeko egin beharreko jardunak burutzea.

Ezin izango zaizkie utzi UNIBASQen Kalitate-zigiluak Agentziak egindako ebaluazioa gainditu ez duten beste titulazio, zentro, sekzio edo erakundeei. Ezin izango dira Kalitate-zigiluak erabili honako kasu hauetan: 

  • Zigiluaren hasierako ebaluazio-prozesua gainditu ez denean.
  • Zigiluaren beraren jarraipen-prozesuan Zigiluaren ebaluazio positiboa kendu denean. 
  • Zigiluaren izaera eraginpean hartzen duen tituluan funtsezko aldaketaren bat gertatzen denean eta aldaketa horrek Agentziaren onarpena ez duenean. 
  • Sortu den helbururako erabiltzen ez denean.

Agentziak zenbait baliabide jarri ahalko ditu UNIBASQen Kalitate-zigilua edo aitortza jasotzen duen unibertsitatearen eskura. Alde batetik, emandako Kalitate-zigiluari lotutako Agentziaren ziurtagiria eman ahalko da. Bestetik, UNIBASQen Kalitate-zigiluaren marka eman ahalko da, lortutako aitortzari dagokiona, eta onartutako titulazioaren ardura duen Zentroari laga ahalko zaio.

UNIBASQen jabetzakoak dira Agentziaren Kalitate-zigiluak, erregistro-izapideetan jasota daude Estatuan zein Europan eta ezingo dira bestelakoetarako erabili edo laga;horrenbestez, markei buruzko araudiaren lege-babesa dute.Bereizteko helburuarekin edo beste helburu batzuk —hala nola aitortutako bere unibertsitate-titulazioaren sustapena— lortzeko egiaztatzen diren titulazioak dauzkaten (dela titulazio oso bat, dela titulazio horretako ibilbide bat) unibertsitate-zentroek erabil ditzakete. Kalitate-zigilu horiek erabili ahal izateko, une oro bete beharko dira irudi korporatiboen erabilerarako UNIBASQen eskuliburuan jasotako ildoak (adibidez: dimentsioa, koloreak, tipografia eta forma espezializatuak atxikitzea, zigiluen egokitzapenak eta bertsioak ez egitea).

Betiere, UNIBASQen Kalitate-zigiluei eta markei buruzko aipamenak argi eta zintzo aplikatu beharko dira eta nahasketa sortzea saihestu.

UNIBASQek Kalitate-zigiluen erabilera ona bermatzeko betebeharra dauka eta, okerreko edozein erabileraren berri izaten badu, titulazioaren pertsona arduradunari edota eraginpeko erakundeari jakinaraziko dion informazio-prozedura bati emango dio hasiera alegazioak aurkeztu ditzan (presentzialki edo idazki bidez). Audientzia-prozesuaren emaitzak ohartarazpen bat ekar dezake, zeinean idazki bidez eskatuko den Kalitate-zigiluaren erabileraren baldintzak errespeta daitezela. Ohartarazpenei kasu egiten ez zaienean edo larritasun handiagokoak direnean, dagozkion legezko jardunak hasiko ditu UNIBASQek eta, bidezkoa bada, beste erakunde edo instituzioei jakinaraziko dizkie gertakariak, baita komunikabideei ere.