Aurkezpena
Euskal Unibertsitate Sistemaren Kalitate Agentzia (Unibasq) zuzenbide pribatuko erakunde publikoa da, unibertsitate-gaietan eskumenak dituen Eusko Jaurlaritzako sailari atxikia. Espainiako eta nazioarteko esparrua kontuan izanik, Euskal Unibertsitate Sistemaren kalitatea ebaluatzea, akreditatzea eta ziurtatzea du helburu Unibasqek.
Helburu hori lortzeko, honelako jarduerak garatuko dira:
- Euskal Unibertsitate Sistemaren alorrean kalitatea sustatzea eta bermatzea, espainiar, europear eta nazioarteko esparrua kontuan hartuz.
- Euskal Unibertsitate Sistemaren kalitatearen hobekuntzan laguntzea.
- Agentziaren jardueren emaitzei buruzko informazioa gizarteari helaraztea.
- Administrazio publikoei, unibertsitateei eta hezkuntza edo zientzia eta tekonologia arloko eragileei erabakiak hartzeko prozesuetarako informazioa eta irizpideak ematea, Agentziak bere esku dituen eginkizunekin zerikusia dutenean.
Euskal Unibertsitate Sistemari buruzko 3/2004 Legearen 79. artikuluaren bidez sortu zen Agentzia. 2005eko apirilaren 4an, Administrazio Kontseilua sortu zen, eta hark, 2006ko ekainaren 1ean, Uniqualen estatutuak onartu zituen. 2006ko uztailaren 10ean argitaratu ziren. 2009an, aldaketa-prozesu bat abiarazi zen agentzian, kalitate-bermerako agentzien Europako irizpide eta direktibetara egokitzeko. Horrenbestez, agentziaren estatutuak aldatu egin ziren, eta izen berria onartu zen (Unibasq). Ildo honetatik jarraituz, 2012ko uztailaren 4n 13/2012 Legea, ekainaren 28koa, Unibasq-Euskal Unibertsitate Sistemaren Kalitate Agentziari buruzkoa, argitaratu zen.
Arau-Esparrua
- 2/2023 Lege Organikoa, martxoaren 22koa, Unibertsitate Sistemarena.
- 3/2004 Legea, otsailaren 25ekoa, Euskal Unibersitate Sistemarena.
- 13/2012 Legea, ekainaren 28koa, Unibasq-Euskal Unibertsitate Sistemaren Kalitate Agentziari buruzkoa.
- 204/2013 Dekretua, apirilaren 16koa, Unibasq-Euskal Unibertsitate Sistemaren Kalitate Agentziaren estatutuak onartzen dituena.